MAISUEN ARTEKO ELGOIBARKO NAZIOARTEKO XXII. XAKE TXAPELKETA.

(SUSTAPENERAKO TXAPELKETA).

(2012ko abenduaren 11tik 17ra, Elgoibarren).

 
 
 

AZER MIRZOEV: HIRUGARREN GARAIPENA JARRAIAN.

 

            Azerbaijandarra 2.553 puntuko eloarekin lehenengo zerrendaburua zen eta pronostikoa betetzea lortu zuen. Lau aldiz irabazi du Elgoibarko torneoa (azkeneko hirurak jarraian). 34 urte ditu.

 

            Edizio honetan irabazteko nahikoa izan zuen bere eloari zegokion jarduna egitea (1’7 puntutan soilik hobetu zuen bere eloa).

 

            Hiru garaipen eta 6 berdinketa egin zituen. Cristhian Cruz eta Paul Velten jokalariei irabaztea erabakigarria izan zen beretzat.

 

CRISTHIAN CRUZ: AZER MIRZOEVEN AURKAKO PORROT MINGARRIA.

 

            20 urteko perutarrak 9’2 puntutan hobetu zuen bere eloa. Lau garaipen, 4 berdinketa eta porrot bat egin zituen. Azer Mirzoeven aurka galtzea zama izan zuen. Puntuz berdinduta bukatuta ere, bigarren geratu zen.

 

            Torneo ona egin zuen. Paul Veltenen aurkako garaipena izan zen azpimarragarriena bere ibilbidean. Laugarren zerrendaburua zen.

 

VIKTOR MOSKALENKO: BERE PAPERA BETE ZUEN, BAINA DISTIRARIK GABE.

 

            52 urteko ukraniarra bigarren zerrendaburua zen. Horrexegatik erran daiteke bere jarduna zertxobait iluna izan zela, hirugarren amaituta ere. 0’7 puntutan jaitsi zuen bere eloa.

 

Bi garaipen eta 7 berdinketa egin zituen. David Astasio eta Nino Batsiashvili garaitu zituen seigarren eta zortzigarren txandetan. Beraz, aurkari aproposak aprobetxatu zituen bere torneoa azken uneetan txukuntzeko.

 

ANA MATNADZE: TORNEO ONA EGIN ZUEN.

 

            29 urteko georgiarra zortzigarren zerrendaburua zen, baina aipatzeko moduko torneoa egin zuen. 12’1 puntutan hobeto zuen bere eloa eta laugarren bukatu zuen.

 

            Oso ongi hasi zen, Paul Velten eta Aleksa Strikovic garaituta. Hirugarren txandan Santiago Gonzalez De la Torreren aurka galdu zuen. Gainontzekoa berdinketak izan ziren. Bere eloa kontutan hartuta, goikaldean amaitzea emaitza nahiko ona izan zen.

 

SANTIAGO GONZALEZ DE LA TORRE: ONGI, HASIERA ONA BERRETSI EZ BAZUEN ERE.

 

            Bilbotarra lehenengo euskal herritarra izan zen, bosgarren postu txukunean. 31 urte ditu.

 

            7’4 puntutan hobetu zuen eloa. Bosgarren zerrendaburua zen, baina bere eloa behekaldekoen eloetatik gertuago zegoen goikoen eloetatik baino.

 

            Bere torneo hasiera suziria modukoa izan zen, hiru garaipenekin 4 partidatan. Patrice Etchegaray, Ana Matnadze eta David Astasio gainditu zituen. Paul Veltenen aurka, ordea, galdu.

 

            Bigarren zatian apalago ibili zen, baina aurkariak gogorragoak ere bai. Aleksa Strikovicen aurka galdu zuen. Lau berdinketak osatu zuten bere ibilbidea (tartean Viktor Moskalenko, Azer Mirzoev eta Cristhian Cruz).

 

PAUL VELTEN: USTEKABE EDERRA, TORNEOA BIRIBILDU GABE ERE.

 

            Torneo aparta baionarrarena, bukaera gogorrean hondoratu bazen ere. Azkeneko zerrendaburua zen, baina seigarren txandaren amaieran buruan zegoen bakar-bakarrik.

 

            Azer Mirzoev eta Cristhian Cruz indartsuek bere tokitik hurbilagora bidali zuten orduan. Patrice Etchegaray beste lapurtarrarekin berdintzeak ere ez zuen mesedekoa izan. Horrela, seigarren geratu zen, bere eloa 24’5 puntutan hobetuta.

 

            Lehenengo sei partidetan oso ongi ibili zen: Santiago Gonzalez De la Torre, David Astasio, Nino Batsiashvilli eta Aleksa Strikovic garaitu zituen eta Viktor Moskalenkorekin berdindu. Lehenengo txandan, ordea, galdu egin zuen Ana Matnadzeren aurka.

 

            19 urte ditu eta etorkizun handia. Torneoko ustekabea bihurtu zen.

 

ALEKSA STRIKOVIC: GEHIAGO ESPERO ZEN BERARENGANDIK.

 

            51 urteko serbiarrak ez zituen igurikapenak bete. Hirugarren zerrendaburua zen, baina zazpigarren tokian amaitu zuen, eloko 7’7 puntu galdu ondoren.

 

            Gorabeheratsu aritu zen: Hiru aldiz irabazi zuen eta irabazi ondorengo partidak galdu zituen. Nahi eta ezin. Burutik hurbil ibili, baina azkenean atzean geratu.

 

            Nino Batsiashvili, Patrice Etchegaray eta Santiago Gonzalez De la Torre garaitu zituen. Ana Matnadze, Paul Velten eta David Astasio izan ziren, ordea, bere borreroak.

 

DAVID ASTASIO LOPEZ: HONDAMENDIA ZERTXOBAIT KONPONDU ZUEN AMAIERAN.

 

            Arabarra torneo zaila zuen aurrean (bederatzigarren zerrendaburua zen). Hasiera txarra izan zuen, gainera: Hiru porrot lehenengo lau txandetan.

 

            Cristhian Cruz, Paul Velten eta Santiago Gonzalez De la Torre izan ziren bera gainditu zutenak. Tartean, bigarren txandan, Patrice Etchegarayren aurkako garaipena.

 

            Ondorengo partidak ez zitzaizkion askoz hobe joan, Ana Matnadzeren aurka berdindu ondoren Viktor Moskalenko eta Nino Batsiashviliren aurka galdu baitzuen.

 

            Torneoaren bukaeran apaindu zituen bere lana eta bere eloa. Biktima aproposa zirudien Aleksa Strikovicen aurka, baina irabazi zuen. Azer Mirzoev lehenengo zerrendaburu eta torneoko garailearen aurka berdindu zuen azkeneko txandan. Agian, Mirzoevek une horretan berdinketa balekoa zuela lagundu zion.

 

            25 urte ditu eta torneo honetan galdutako puntuak (7’8) laster berreskuratuko ditu, oso xakelari erregularra dela erakutsi baitu orain arte.

 

NINO BATSIASHVILI: TORNEO TXARRA.

 

            25 urteko georgiarra ez zen fin ibili eta 11,1 puntu galdu zituen eloan. Seigarren zerrendaburua zen baina azken aurrekoa bukatu zuen.

 

            Patrice Etchegaray eta David Astasio gainditu zituen, baina 5 aldiz galdu zuen: Aleksa Strikovic, Azer Mirzoev, Cristhian Cruz, Paul Velten eta Viktor Moskalenko jokalarien aurka.

 

            David Astasioren azken orduko erreakzioak bederatzigarren postura eraman zuen.

 

PATRICE ETCHEGARAY: IAZ BEZALA, PORROT.

 

            43 urteko lapurtarra zazpigarren zerrendaburua zen, baina azkena amaitu zuen, eloko 19’4 puntu galduta.

 

            Iaz bezala, Elgoibarko torneoa kontrako eztarritik sartu zitzaion. Balantze nahiko eskasa: 4 berdinketa eta 5 porrot. Garaipenik ez, beraz.

 

            Santiago Gonzalez De la Torre, David Astasio, Nino Batsiashvili, Aleksa Strikovic eta Cristhian Cruz jokalarien aurka galdu zuen.

 

            Dena den, hortzak estutu eta aurrera egin behar, eloko galera handiagoak ikusiak gara eta.

 

            2012-12-17.

 

                Iturria: “http://www.chess-results.com/tnr87304.aspx?art=2&lan=2&turdet=YES” webgunea.